Kultur Leioak argitaratu berri du 2016ko hurrengo hilabeteotan eskainiko duen kultura programazioa biltzen duen agenda. Egitarau anitz, berri eta erakargarria, euskal agertoki aberatsa uztartu egiten duena Estatuan eta nazioartean maila nabarmena duten artista eta konpainiekin. Gero eta ezagun eta baloratuagoa den luxuzko programazioa Leioako eta gertuko herrietako biztanleen eskura.
Kultur Leioak, datozen hilabeteotan, guztira, 22 ikuskizun esakiniko du, eta horietatik zazpi, musika emanaldiak izango dira (formatu txikikoak bakar batzuk); helduentzako sei antzezlan; publiko guztientzako zirku ikuskizun bi; lau familia-ikuskizun (bat ingelesez); eta hiru dantza emanaldi. Horrez gain, erakusketak, zinea, lehiaketak, gazteentzako jarduerak Aterpe Leioa Gaztegunean eta hurbileko programazioa Lamiako, San Bartolome, Txorierri eta Pinuetako auzogeletan.
Zaila da erabakitzea egitarau honekin, eta beraz, ez gara hautatzen ibiliko, xehetasunez azalduko ditugu proposamen artistiko ezberdinak osatzen dituzten diziplinak, ikuslerik zorrotzenak ere asebetetzeko moduko eskaintza baitaukagu. Hortaz, lehenik, MUSIKA nabarmendu behar dugu.
Urtea hasteko, Musika Gertu zikloa (Ambiguan. 21:00h.), hiru kontzertu desberdinekin (20 euroko bonua txarteldegian). Urtarrilaren 15ean, programazioarekin hasteko, Cromática Pistona madrildarrak izango ditugu. Errepertorio berezia dauka banda horrek, jaigirokoa, estilo desberdinak nahasiz, swing-etik hasita, rock’n roll-era doana, world music edo jazz-etik pasatuz. Dibertsioa eta dantza bermatuta daude. Otsailaren 19an, Fetén Fetén etorriko da, Diego Galaz eta Jorge Arribasen eskutik, musika tresna ezberdinak jotzen dituzten artistak, eta dantzaren erritmoan, erro eta tradizioen bidetik eramango gaituztenak. Eta martxoaren 18an, Dom La Nena abeslari eta biolontxelista brasildarraren txanda izango dugu, Viceko Mercat de Música Viva jaialdian ustekabeko artista izan dena eta Leioara datorrena “Soyo”, bere azken albuma, aurkeztera, bihotzetik sortutako musika.
Martxoaren 4an, ibilbide luzeko artista batez gozatzeko aukera izango dugu, “Martirio 30 años” (Auditoriumean. 21:00h.), kantatzeko eta izateko modu ezberdin bat, altxor berriak bilatzen emandako bizitza oso bat. Eya apirilaren 30ean (Auditoriumean. 21:00h.), programazioa ixteko modurik ezin hobea, Kalakan eta “Elementuak” izeneko bere azken lanarekin, euskal errepertorio tradizionalean sakonduz eta berrasmatuz kantu eta perkusioaren bitartez.
ANTZERKIA ere protagonista izango da datozen hilabeteotan (Auditoriumean. 20:30h.).
Datorren urtarrilaren 22an, Bufalo Produkzioak-ek “Síndrome de Estocolmo” eskainiko digu, talk showa eta zuzeneko musika, kultura esparruko sei pertsonarekin mahai baten inguruan bilduta: Ana Arias, Jon Maia, Ivan Ferreiro, Zahara, Arrate Etxeberria eta Valérie Tasso. Emozioz beteriko anti-performancea. Otsailaren 12an, Galiziako ilMaquinario Teatro-koek, Euskadin eta gaztelaniaz, “Perplejo” estreinatuko dute (5 María Casares sariren irabazlea), ikuskizun komikoa, surrealista eta ausarta, gizakiarentzat ezinbestekoak diren gaiak jorratzen dituena; antzerki barruko antzerkia. Eta martxoaren 11n, Tanttakak “El florido pensíl niñas” eskainiko digu, “El florido pensil” arrakastatsuaren bertsio femeninoa. Garraondoko Espainian zegoen hezkuntza sistemaren gaineko begirada dibertigarri, ironiko, askatzaile eta garaikidea.
Gainera, ZIRKU BERRIAK ere bere lekua izango du gure egitarauan. Urtarrilaren 29an, Zen del Sur konpainia andaluziarrak “Heian” lana eskainiko digu. Diziplina anitzeko ikuskizuna, dantza akrobatikoa eta urbanoa zirkuko teknika eta zuzeneko musika uztartzen dituen lana. Eta apirilaren 16an, Blizzard Concept frantziarrek “Opéra pour séche-cheveux” estreinatuko dute Euskadin, karpa eta animaliarik gabeko zirkua. Magia berrasmatu berria, bi malabarista, mago eta clown apartarekin.
Urteko lehen zati honetako beste hitzordu garrantzitsu bat, Leioan, KULTUR MARATILA izango da. Euskal sormeneko jaialdi txiki honen bosgarren edizioa izango dugu, Artedrama plataforma artistikoarekin batera antolatua. Jaialdi honi buruzko informazioan sakondu egingo dugu bere garaian egingo dugun prentsaurrekoan, baina orain, datu batzuk aurreratuko ditugu. Otsailaren 25etik 28ra, hemen egindako sei proposamen artistikoz gozatuko dugu. Antzerkia Anodino Teatroa taldearen eskutik “Zerura Eroria” lanarekin, erabateko estreinaldia; Khea Ziater-en “Malmö”; eta Txalo Produciones-en “Heroiak”, Joxe Ramón Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirrerekin. Musika eta poesia “Gau Beranduan” lanarekin, Harkaitz Cano, Petti eta Joxan Goikoetxearen eskutik; Joseba B. Lenoir Gang-en kontzertua; eta dantza eta musika “Dantza gurea” lanarekin, Idurre Azkue eta Joseba Irazokirena.
Lau FAMIIA IKUSKIZUN (Auditoriumean. 18:00h.) izango ditugu gurean ere bai. Urtarrilaren 24an, “El sueño del pequeño guerrero”, La Tartanak eskainia, txotxongilo eta itzalen antzerkiko ikuskizuna, Masai tribuaren antzinako kultuean oinarriturako istorio originala. Otsailaren 14an, “Letter, eskutitz baten bidaia/El viaje de una carta”, Malas Compañías Zirko Taldeak aurkeztua eta duela astebete estreinatua. Zirku berria, familia antzerkia, umorea eta poesia. Pea Green Boat kataluniarrek “The Shoe Tree” eskainiko digute, antzerkia eta txotxongiloak: istorio atsegina, ingelesez eta oso hurbiletik kontatua (auditoriumaren edukiera murriztuko da publikoa agertokira igoko delako). Azkenik, Galiziako Entremans konpainiarekin eskutik, “Xoga” izango dugu, familia-dantza, irudimenetik ezagutzara doan bidaia.
Bukatzeko, DANTZA ikuskizun bi (Auditoriumean. 20:30h.). Apirilaren 8an, “Barbecho”, Natxo Montero_Danza taldeak ekarria, sortze prozesuari buruzko hausnarketa. Eta apirilaren 22an, Cielo RasO euskal konpainiak “Tormenta” eskainiko digu, Igor Calonge koreografoaren azken lana, mugimenduaren arteekin zerikusia duen apirileako egitarau zabalago baten parte dena: argazki erakusketa, hitzaldia eta Elias Aguirre dantzariaren “Flightless” lana, dantzaren egunaren inguruko zenbait jarduerarekin batera.
Ezingo genuke aurkezpen hau bukatutzat jo gure udalerriko hitzordurik garrantzitsuenetariko bat aipatu gabe, kaleko artisten UMORE AZOKA alegia. Aurten, maiatzaren 19tik 22ra burutuko da, eta epe laburrean, nobedadeak izango ditugu bere inguruan.
Iruzkindu