Leioako udala
  • RSS Blog
  • Issuu
  • Flickr
  • Twitter
  • Facebook
  • Youtube

Kultur Leioak programazio ugari eta anitza eskaintzen du, besteak beste, arte eszenikoak, musika, zinea, erakusketak eta lehiaketak.

Ertibil Bizkaia 2017 RSS Blog

Ertibil Bizkaia 2017

ERAKUSKETA
Ikus Arteen Erakusketa Ibiltaria

ARTISTAK

Sahatsa Jauregi · Karlos Martinez B. · Nagore Amenabarro Irastorza · Nora Aurrekoetxea & Laura Ruiz · María Benito Píriz · Marion Cruza Le Bihan · Claudia Rebeca Lorenzo · Edurne Martínez Arroyo · Teresa Del Romero · Mawatres · Oihane Sánchez Duro · Imagen 30** · Cristian Villavicencio · Irantzu Yaldebere.

XXXV. ERTIBIL BIZKAIA

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu duen ERTIBIL BIZKAIA izeneko Ikus Arteen Erakusketa Ibiltaria Bilbotik abiatuko da, eta ondorik, Lekeitio, Leioa, Basauri, Bermeo eta Barakaldoko udalerrietan izango da. 

Ondoko hauek izan dira ERTIBIL BIZKAIAren XXXV. edizioan sariak jaso dituzten artistak: Sahatsa Jauregi Azkarate, Iñigo Varona Sánchez eta Karlos Martinez B. Beren sormen-lana Bizkaiko lurraldean garatzen duten eta goraka dabiltzan artistak lagundu eta sustatzea da ERTIBILen helburua 1983. urteko lehen ediziotik egunera.

Aurtengo edizioan 83 artistek parte hartu dute, beti ere 35 urtetik beherakoak. Espezialitate guztietan aurkeztu diren obretatik, ERTIBIL BIZKAIA 2017 izeneko erakusketa osatzen duten 15 lan hautatu ditu profesionalen epaimahai batek. Ondoko hauek dira epaimahaikideak: Lucía Agirre (Guggenheim Bilbao Museoko komisarioa), Amaia Gracia Azqueta (artista) eta Leyre Goikoetxea (komisario independientea).

Honako hauek izango dira edizio honetako irabazleek jasoko dituzten sariak: lehen saria, 7.000 €; bigarren saria, 5.000 €; hirugarren saria, 4.000 €; hautatu diren gainerako artistek 2.000 euroko saria jasoko dute.

ERAKUSKETA 

Ertibil 2017ko edizioa irabazi duen obrak eskultura, argazkigintza, ehungintza eta, are, instalazioa ere jorratzen ditu. Mihise gaineko 27 inprimatze-lan dituen obra honek lehenago SAHATSA JAUREGIk (Salvador de Bahía, Brasil, 1984) sortu eta argazkitan erakutsitako aldare kopuru bera erakusten du. Lan hori garatze aldera, artistak bere xedea erdiesteko aurkitu dituen objektu interesgarri batzuen bilketa-prozesua baliatu du. Objektuok merkatugai zaharkituak dira, laster iraungitzeko zain egon arren oraindik ere vintage izendatu ezin direnak, modan ez dauden jostailuen hondakinak, kopia merkeak, eta “plastikoa, material alkimiko gisa”, artistaren beraren hitzetan. Egungo gizarteak baztertzen dituen objektu horiek berrerabiltzea da xedea, ‘kitsch’ estiloaren eta umorearen erdibidean dagoen garaikur-saldoa sortzeko asmoz.

Particular del Norte izeneko kalea, Bailen eta San Frantzisko kaleekin triangelua eratzen duen Bilboko kale bat da; hala ere, hiru kaleotatik ezezagunena da. IÑIGO VARONAk (Valladolid, 1988), eskultura –zehazkiago zeramika– jorratuz, aztergai jarri du kale horren bilakaera, hango zenbait eraikini garrantzia emanez eta maketa formatuan erakutsiz; horrezaz gainera, bi eraikinotako kartelak baldosa zatikatuez birsortu ditu. Lanok, antza, ‘F. Urrestarazu Vinos-Aceites’ eta ‘Pedro Tejada Aceites y Licores’ kartelak erakusten dizkigute. Hain zuzen ere, azken eraikin horretan dauka artistak bere estudioa. Zeramikagile honek, arkeologoaren lanetik hur baina begiak haratago jarriz, tokiko memoria iraunaraztea eragingo duen arte-objektua gehitu dio ikerlan horri.

Don’t worry, you can’t get lost down here [Ez arduratu, hemen ezin zara galdu eta]. Neska espeleologo batek bere lagun bati koba ilun batera sartzerakoan esandako adore-hitz hauek baliatu ditu KARLOS MARTINEZ B.k (Bilbao, 1982) eskultura-multzo hau izendatzeko. Multzo hori burdina angeluzuzeneko labirinto zuzenean estekaturik dagoen forma organiko berde zeharrargi batek eratzen du, bai eta burdinen arteko tentsioari esker airean diren bi ontzik eta, arkeologiako erlikia antzo, eskaiolan harrapaturik dagoen toska zatikatu batek ere.

Olana tolestu eta abandonatuak ematen duten elementu batzuen bidez, plastikozkoa den edota guk erauzten edo birziklatzen esku hartu ezik naturari begirune handirik ez diotela ematen duten materialez taxututako mendi-paisaia atzeman dezakegu. Argazkia izan arren pintura-itxura duen irudi honekin, NAGORE AMENABARRO IRASTORZAk (Amezketa, Gipuzkoa, 1986) pinturarik tradizionalenak berezko dituen kodeak eta ehundurak transmititzea lortzen du. Argi-itzal jokoa, eskultura klasikora garamatzaten tolesduretan. 

NORA AURREKOETXEAk & LAURA RUIZek (Bilbao, 1989) elkarren gainean ezarritako materialez edo objektuz taxuturik dagoen eskultura proposatzen digute. Zilindro-itxurako eskaiolaren grabitate-indarrak eskuoihal garbi eta ondo tolestuaren gainean dagoen marra zuridun txandal urdina hertsatzen du, idulki edo euskarriarena egiten duen metalezko karratutxoaren gainean. Hatza historiaren zuzeneko aipamena da. Gatazka soziopolitikoen hondarrek zerbait gertatu dela erakusten digute, jazoera horren bizipena, hots, ekintzaren bizipena, gertu izan beharrik gabe. Ekintza horren atzean gaude, erdian, ondoren zerbait gertatuko dela badakigularik. 

La palabra hablada izeneko bideoan, MARÍA BENITO PÍRIZek (Durango, 1992) lexikoa sortzeko bat-bateko bi era kontrajartzen eta erkatzen ditu, espresio-transmisioa eskuaren mugimenduaren bidez nabariaraziz. Hotsik gabeko lengoaia hori rapezko hitzarekin batera aurkezten digu, bideoa aldi berean gregeriaren sortzailea den Ramón Gómez de la Serna novezentismoko idazlearen “eskua eta hitzak” obraren testu-zatiekin hornituz.

MARION CRUZA LE BIHANek (Bilbao, 1982) Imagination morte imaginez [Irudimen hila irudikatu] deritzon bideoa eskaintzen digu; izenburu hori Samuel Beckett idazlearen testu labur batetik hartu du. Testu horretan adierazten duenez, arte-lanak atakan jartzen du bere burua, uneoro bere irudia berriro asmatzen ari delako. Hitzak erbesteratuz eta irudia soilik baliatuz, Marionek higitzen ari diren zatiki finkoen continuum bat eraikitzen du, egileak adierazi nahi dituen irudiak nolabait iradokitzen dizkiguna.

CLAUDIA REBECA LORENZOren (Logroño, 1988) bideoak igerilekuaren barnealdean gertatzen dena baino ez digu ikusten uzten. Ekintzak ez du etenik, baina kolore beltzak soil-soilik geldiarazten du, tarteka artistak uretatik irten eta arnasa hartu beharra erakutsiz.

Papera eta lapitza dira EDURNE MARTÍNEZ ARROYOk (Bilbao, 1982) marrazki finak eraikitzeko erabiltzen dituen tresnak; izan ere, marrazki delikatu horietan, paperaren beraren lauki-sarea da hurbiltzen garenean baino ikusten ez ditugun paisaia txikiak mugatzen dituen markoa.

TERESA DEL ROMEROk (Pamplona, 1992) testuaren eta irudiaren artean gauzatu daitekeen elkarrizketa baliatzen du, begiradaren bidez berbakideen artean sortu ahal diren sentimenduak erakuste aldera. Ekintza baten bi aldeak direla ematen du, ekintza horretan jarduten duten bi aurpegiak, planoa planoaren aurka jarriz.

Monumento a los campesinos asesinados izeneko obrak berriro ekiten dio Durerok 1525. urtean nekazariei omenezko zutabea eraikitzeko egin zuen proposamenari, Alemanian nobleen eta herritarren artean gertatu zen errebolta-saldoaren ostean. MAWATRES (Madrid, 1986) gatazkarik handienak izan ziren tokietan zehar ibili zen, diseinu horren kartelak eta pegatinak itsatsiz. Artistaren helburua da, modu iragankorrean eta artearen bitartez, beren eskubideak babestu nahiz hil ziren nekazari haiek guztiak gogorarazi eta omentzea. 

Lausotze-teknikaren bidez, OIHANE SÁNCHEZ DUROk (Barakaldo, Bizkaia, 1991) adimena ezabatzeko prozesua transmititzea jadesten du. Argazkien gainean benetako paperak jarriz taxuturik dauden lausotze horiek, film eta narrazioen antzera, tokiko memoria galtzeari doakion kontzeptua atzitzea erdiesten dute, hiriak berregituratzeko politiketan zeharo ohikoa den kontzeptua alegia. 

IMAGEN 30**ek (Palencia, 1986) esku artean daukaguna edo izan dezakeguna du sorbide, hots, Levi Straussen “bricoleur” kontzeptuaz lan egiten du. Papera, alkandora, prakak, atzera bota diren dossierretako irudi inprimatuak, matxardak, kateak eta paper tolestuak. Objektua ez da garrantzizkoa, haren arte-esentzia edota hura esperimentatzeko modua baizik.

CRISTIAN VILLAVICENCIOk (Quito, Ecuador, 1984) higitzen ari den eskultura aurkezten digu, jasotzailearen gorputzak atzeman behar duena. Airea eta ehuna, haizagailuak sortzen duen korrontearen arteko geografia. Flowing Cartographyk zenbait nozio esploratzen ditu, hala nola, espazioa, denbora eta “geografia deformatuen” ideiari dagokion ikuspegia, eta zoriak pertzepzioan duen ondorea ikertzen murgiltzen da. 

IRANTZU YALDEBEREk (Vitoria-Gasteiz, 1994) bi argazkitako xehetasunak elkarren gainean jartzen ditu. Atzealdean, ukabila altxatuta duen gizona ikusten da, harekin lagun gehiago dagoela iradokiaraziz. Irudi horren gainean, zaldi gainean dagoen neskatila agertzen da. 

Bisita gidatuak: infokultur@leioa.net / 94 607 25 70

» Non: Erakusketa gelan
» Egunak: Urriaren 3tik azaroaren 5era
» Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 10:00-20:00 h. Larunbat, igande eta jaiegunetan 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 h
» Sarrera: Doan



Iruzkindu


(*) Izartxoarekin markatutako eremuak nahitaez bete behar dira.

Agenda

Bloga

Leioako Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren XXXV. edizioko dastaketa gastronomikoan parte hartzeko izena egiteko epea zabalik

Abenduaren 8an, igandea, Leioako Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren XXXV. edizioan, Bizkaiako Txakolina eta Idiazabal jatorrizko deiturako gazta dastatzeko epea zabalik dago.


2024, azaroak 18

Newsletter

sobre

Buletina jaso nahi baduzu sakatu hemen

Sarreren salmenta

Auditorio
Sarreren salmenta

Kontsultatu ordutegia leihatilan. Telefonoa. 94 607 25 70

Kultur Leioaren laguna izan

Auditorio
Lagunen zerbitzua

Gure herriaren kultur garapena bultzatzeaz gain, abantaila garrantzitsuak lortuko dituzu.

Copyright © 2014 Kultur Leioa | LEGE OHARRA | DATUEN BABESA
Internet Explorer 8rako optimizatutako webgunea
KULTUR LEIOA Jose Ramon Aketxe Plaza, 11 - 48940 Leioa (Bizkaia)