Leioako udala
  • RSS Blog
  • Issuu
  • Flickr
  • Twitter
  • Facebook
  • Youtube

Kultur Leioan egiten diren jarduera guztien berri ematen du egunero. Utzi zure oharrak eta banatu zure gizarte-sareetan.

Kultur Leioa bueltan da udazkenerako egitarau zoragarri batekinRSS Blog

Agenda-septiembre-diciembre-2017

Arte eszenikoak eta musika dira Kultur Leioaren ezaugarri, eta aurtengo udazkenean 25 ikuskizun hartuko ditu; hain zuzen: bost antzerki-emankizun eta lau dantza-saio helduentzat, bost kontzertu “Arimadun musika” zikloaren barruan, haur txikientzako bi antzerki-ikuskizun eta beste bederatzi, familientzat.
Emankizun gailenak dira horiek guztiak, izen handiko artistek eta estatu-mailako zein nazioarteko konpainiek emanak. Luxuzko egitarau erakargarri eta berri horrek gure udalerriko mugak gainditzen ditu, eta erreferentea da kulturazaleentzat.

Erakusketak, zinema, lehiaketak, arte-tailerrak, artisautza eta sormena, ipuin-kontalariak, literatura-solasaldiak… Kultur Leioak jardun sutsua izango du; gainera, Aterpe Leioa Gazteguneak eta auzo-gelek ere beste programa batzuk antolatu dituzte.

Iraila indartsu iritsi zaigu Kultur Leioara. Denboraldia hilaren 23an hasiko da (Ambigú-n, 17:00etatik 18:30era) Crassh_Babies ikuskizunarekin, Portugaleko Crassh konpainia saridunaren proiektu bat, zeinak modu paregabean konbinatzen dituen perkusioa, mugimendua, ikusizko komedia eta energia kutsagarria. Etxeko txikienei eta haien familiei zuzenduta dago. Bestalde, konpainiak Crassh StreetNonStop izeneko kale-ikuskizuna eskainiko du Kultur Leioaren XIII. urteurrena ospatzeko; 20:00etan izango da, Errekalde plazan.

Irailaren 28an, berriz, BdDANSA elkarteak dantza-ikuskizuna egingo du auditoriumean, 20:30ean. Hain zuzen ere, Toni Jodar, una conferencia bailada.Tendencias Actuales izeneko saioa aurkeztuko dute Toni Jodak eta Beatriu Daniele, mugimendu-zaletasunari buruzko hitzaldi dantzatu bat, zeinak ikuskizuna eta prestakuntza eskaintzen dituen aldi berean.

Irailaren 30ean, Descalzos & Txalo & Saga Producciones antzerki produkzio-etxea ¿Qué fue de Baby Jane? film ezagunaren kamerinoan eta filmaketa-estudioan barneratuko da, eta Bette & Joan izeneko antzezlana ekarriko du auditoriumera, 20:30ean. Yolanda Arestegui eta Goizalde Nuñez arituko dira antzezle, ibilbide luzekoak biak. Zinema klasikoaren zaleek oso atsegin izango dute.

Urriaren 6an, El fin de las cosas estreinatuko da auditoriumean, 20:30ean, Cía Eva Guerreroren eta Doos Colectivoren eskutik. Dantza garaikideko ikuskizun horrek guretzat gordetzen dugunaren eta egiten dugunaren arteko muga landuko du.

Urriaren 8an, Mumusic Circus Kataluniako konpainiak Petits princeps ikuskizuna eskainiko du auditoriumean, 18:00etan: musika zuzenean, jolasak, antzerkia, dantza eta zirkua. Ikuskizun poetikoa, alaia eta hunkibera da, txikientzat zein nagusientzat aproposa. Oroitzeko leku bat…

Urriaren 20an, Zanguango Teatro konpainiak Esto no me lo esperaba estreinatuko du, gizakion jokamoldearen alderdi guztiak agerian jartzen dituen antzezlan bat (auditoriumean, 20:30ean). Bertan, denoi ezagunak egingo zaizkigun eguneroko gertakizunen alde magikoa, harrigarria eta dibertigarria erakutsiko digute, umore konprometitu, kritiko eta original bat baliatuta.

Urriaren 27an, “Arimadun musika” zikloa hasiko da, Antonio Lizana Groupen emanaldiarekin (auditoriumean, 21:00etan). Musikariak bere hirugarren diskoa aurkeztuko digu, Oriente, zuzeneko kontzertu sutsu batean, aire berrikoa eta bizia. Bidaian eramango gaitu Cádizetik New Yokera, jai- eta neurritasun-mezu batekin. Flamenko-tradiziotik abiatuta, munduko erritmoak uztartu, eta jazz-abangoardiara hurbilduko gaitu.

Urriaren 28an, antzerkiak eta familiak bat egingo dute auditoriumean, 18:00etan, La Galera Encantada Argentinako konpainia ospetsuari eta Malas palabras haren lanari esker. Horretan, bi antzezle maisutasunez arituko dira tarteka, Flor-en istorioa kontatzeko: haren adopzioa eta nola bihurtu zen bere egungo familiaren kide.

Azaroari hasiera emateko, Euskadin estreinatuko da Mesa para tr3s ikuskizuna, FRITSCH CO-Psico Ballet Maite León Fundazioaren dantza-konpainia inklusibo eta profesionalaren eskutik (azaroaren 3an , ostirala, 20:30ean). Zehazki, bata bestearengandik bereizitako hiru proposamen eszeniko eskainiko dizkigute, Antonio Ruz, Amaya Galeote eta Patricia Ruiz koreografoenak.

Azaroaren 11n, Euskadiko estrainaldiekin jarraituko dugu; hain zuzen ere, Nueve de Nueve-Padam Teatro konpainiak La extinta poética lanaren emanaldia egingo du, Eusebio Calonge-k idatzitako eta Paco de La Zarandak zuzendutako altxorra.

Azaroaren 12an, 18:00etan, Titiritrán Teatro Andaluziako konpainiak familiarentzako ikuskizun zoragarria eskainiko du auditoriumean: Arturo y Clementina –2016ko Feten azokako sari bereziaren lan irabazlea–. Txotxongilo- eta objektu-antzezlan horretan, teknologia berriak eta ohikoak harremanetan jartzen dira; hala, teknika mistoak, argien erabilera artatsua eta musika originala ditu ezaugarri.

Azaroaren 17an, “Arimadun musika” zikloaren bigarren kontzertua egingo da (Ambigún, 21:00etan), formatu txikian kasu horretan. Bertan, Jorge Da Rochak bere azken lana aurkeztuko digu, To Drop and Let Go, eta haren ahotsa eta kontrabaxua protagonista izango dira. Giro iradokitzaile batek artistaren mundu emozionalera eramango gaitu, haren berezko abestien zein talde ezagunen bertsioen bitartez.

Azaroaren 24an, zikloari jarraipena emango dio Rosalía & Refree bikoteak (auditoriumean, 21:00etan). Haien lana aurkeztuko digute, Los Ángeles, zeinean flamenkoa eta esperimentazioa uztartu dituzten. Rosalía etorkizunik oparoeneko ahotsetako bat dugu gaur egungo flamenko-alorrean; Raül Refree, bestalde, izen handikoa da produkzioaren eta gitarraren munduetan.

Azaroaren 25ean eta 26an, “Txiki txiki txikia, haurtxoentzako arte eszenikoen zikloa” antolatu da familiako txikienentzat. Horretan, Nathalie Cornilleren konpainiak Chouz (zapatak) aurkeztuko du auditoriumean (17:00etatik 18:30era), objektuei eta dantzari buruzko ikuskizuna, zeinak objektuen dantza, animazio-zinema eta antzerkia bateratzen dituen. Bestalde, La Petita Malumaluga Kataluniako konpainiak Bitels para bebés ikuskizuna eskainiko du. Bertan, lau musikarik mugimenduan (biolin-, saxofoi-, biolontxelo- eta perkusio-jotzaileak) eta dantzari batek gurasoak eta haurtxoak gonbidatuko dituzte The Beatles taldearen omenaldi txeratsu eta hunkigarri batean parte hartzera.

Pixkanaka-pixkanaka, egutegiko orriek aurrera egiten dute eta abendua iristen zaigu. Abenduaren 1ean, La Macana konpainiak dantza-ikuskizuna egingo du auditoriumean, 20:30ean: Invisible wires, proposamen benetan fisiko bat, giro surrealista batean ardaztuta, non pertsonaia atsekabetuak modu basatian nahasten diren. Esperientzia bizia sentiaraziko digute.

Abenduaren 2an, euskara-antzerkia egongo da auditoriumean, 20:30ean: Miss Karaoke, Metrokoadroka & Pez Limbo euskal konpainien eskutik. (Testua: Oier Guillán). Eszenaratzen horretan, umoreak, zentzugabekeriak eta performanceak bat egingo dute nortasunaren inguruan aritzeko.

Abenduaren 3an, “Arimadun musika” zikloari helduko dio berriz Mikel Urdangarinek (auditoriumean, 21:00etan). Musikariak bere azken lana aurkeztuko digu, Margolaria; izan ere, letren eta doinuen bitartez irudiak sortzen 20 urte igaro ostean, bere talde ohia berreskuratu, eta aire berriko lana plazaratu du, bizitasun handikoa.

Abenduaren 15ean, Tanttaka konpainiak antzezlana egingo du: Soka, eskola-jazarpenari buruzko hausnarketa bat (auditoriumean, 20:30ean). Lan horren bitartez, Mikel Gurrea zinemagileak arte eszenikoetarako saltoa eman du. Bestalde, Iñaki Rikartek maisutasunezko antzezpena eskainiko digu, arina eta hunkigarria.

Abenduaren 22an, “Arimadun musika” zikloa amaitzeko, Funkystep & The Sey Sisters taldeak musika beltzaren estilo ugarietan zehar eramango gaitu (auditoriumean, 21:00etan): jazz, funk, r&b, blues, soul, gospel eta erro afrikarreko musika. Eragin askotariko nahaste horri esker, musika eraginkor eta originala entzun ahalko dugu, energiaz beteriko zuzeneko batean. Benetako jaia hasiko dute.

Abenduaren 26tik 30era, “Gabonetan Antzokira” zikloaren beste edizio bat egingo da, XVIII. (auditoriumean, 18:00etan). Horren barruan, txikienek hainbat diziplinatako azkenengo lan batzuk ikusi ahalko dituzte: antzezle-antzerkia, txotxongiloak eta objektuen maneiua, pailazoak, dantza eta musika.

Zehazkiago, honako lan hauek eskainiko dira: hasteko, Jon Braun ikuskizunaren emanaldia egingo du Anita Maravillas & Portal 71 konpainiak, abenduaren 26an. Amodioz eta abenturaz beteriko western horretan, familia osoak gozatuko du txotxongiloez eta haien estetika zainduaz.

Bestalde, abenduaren 27an, Marcel Gros pailazo kataluniarrak bere lan bat aurkeztuko digu: Universario. Hala, bokalen unibertso txiki batera eramango gaitu; bertan, pertsonaia bitxi bat bizi da, eta gogoko du ametsetan aritzea, hitzekin jolastea eta errealitatea barrearen eta irudimenaren bidez eraldatzea.

Abenduaren 28an, berriz, Companyia de Comediants La Baldufa konpainia ezaguna gure artean izango da Safari aurkezteko. Antzezlan horretan eszenografia bitan banatuko da, eta bi pertsonaia dibertigarrik gai konplexu bati helduko diote animalien portaeraren bitartez: eskolako jazarpena.

Ondoren, abenduaren 29an, Mons Dansa konpainiak Wabi Sabi aurkeztuko du. Ikuskizun horren bitartez, gurekin partekatuko dituzte papera bezain elementu sinple batetik sortzen diren istorio ezkutu batzuk; eta dantzaren, bideoen, magiaren eta umorearen bidez, amaitu gabeko bi pertsonaien istorioa kontatuko digute: lortu dute haiek biltzen zituen paperetik ihes egitea, eta, orain, bidean botata topatzen dituzten istorio guztiak askatzen dituzte, haiekin jolastu eta bizitza berri bat emateko.

Azkenik, abenduaren 30ean, Laenananaranja & La Ressistens antzerki-taldeek Kontukantari, Nanu ibiltari ikuskizuna aurkeztuko dute. Bertan, denon oroimenean bizi diren abestiak berreskuratuko dituzte, beste erritmo batzuetara egokituta. Aukera paregabea eskainiko digute familian gozatzeko antzerkiaren, musikaren eta txotxongiloen mundu magikoaz.

Arte eszenikoen eta musikaren egitarau fin horrez gain, arte plastikoen egitarau bat prestatu du Kultur Leioak, erakusketa-aretoan.

Hain zuzen, irailaren 7tik 24ra “Bizitza Dantzan. Kukai 15 urte” erakusketa ikusgai izango da; urriaren 3tik azaroaren 5era, “Ertibil Bizkaia 2017. Ikus arteen erakusketa ibiltaria”, erakusketa kolektibo ibiltaria; azaroaren 13tik abenduaren 8ra, “Bosteko 2017”, arte garaikideko erakusketa ibiltari horren hogeigarren edizioa (artistak: Damaris Pan, Usoa Fullaondo eta Taxio Ardanaz); eta, azkenik, abenduaren 14tik urtarrilaren 28ra, Álvaro Ledesmaren “Marionettes”.

Urtero, Kultur Leioak abantailak eskaintzen dizkie Kultur Leioako Lagun Txarteldunei. Hala, deskontu bereziak eskaintzen dizkie, ohiko % 25eko deskontuaz gain sarreren erosketetan, esate baterako: gonbidapenak zinemara eta arte eszenikoen ikuskizunetara, eta deskontuak tailerren izen-ematean. Gainera, baditu deskontu interesgarriak ere ikusle ororentzat, % 50erainokoak; besteak beste: talde-sarreren erosketetan, aldez aurretiko sarreren erosketetan, eta antzerki-, musika-, dantza- eta familientzako ikuskizun-pack berrien erosketetan.

Ez dago aitzakiarik. Egin zaitez Kultur Leioaren lagun, eta etorri gurera.

KATEGORIAK: Albisteak, Bloga
Etiketak: ,
2017, irailak 20

Iruzkindu


(*) Izartxoarekin markatutako eremuak nahitaez bete behar dira.

Flickr

Copyright © 2014 Kultur Leioa | LEGE OHARRA | DATUEN BABESA
Internet Explorer 8rako optimizatutako webgunea
KULTUR LEIOA Jose Ramon Aketxe Plaza, 11 - 48940 Leioa (Bizkaia)