Leioako Udalak Umore Azoka 2025, Leioako Kaleko Artisten Azoka 2025 iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketarako deia egin du. Azokaren hurrengo edizioak 25 urte beteko ditu, eta maiatzaren 22tik 25era egingo da.
Proposamenak azaroaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira eta Kultur Leioako Jose Ramon Aketxe plaza 11, 4. solairura bidali beharko dira. Ideia irabazlea 2025eko Umore Azokaren irudi bihurtuko da, eta egileak 1.400 euroko sari ekonomikoa jasoko du.
LIBURUXKA – OINARRIAK (1,4 MB)
Proposamen profesionalak
Gainera, urriaren 21ean, Udalak epea irekiko du konpainia artistikoek Umore Azokan parte hartzeko lanak aurkezteko, www.umoreazoka.org webgunearen bidez.
Azoka zabalik dago kalea adierazpen eta komunikazio artistikorako bitarteko gisa erabiltzen duten konpainia, artista eta talde profesionalen proposamenetara. Kaleko arteetan dauden diziplina guztietako proposamenak aurkeztu ahal izango dira (antzerkia, musika, zirkua, dantza, clowna, performanceak, instalazioak eta abar), haurrei, familiari edo helduei zuzenduta.
2024ko maiatzetik aurrera estreinatutako lanak edo Estatuan estreinatu gabeko muntaiak onartuko dira, eta oso positiboki baloratuko da Azokan estreinatzeko proposamena, betiere Batzorde Artistikoak behar adina denbora badu estreinaldi horren kalitatea bermatzeko datuak biltzeko.
Nazioarteko erreferentziazko azoka
Umore Azoka kaleko arteentzat erreferentziazko azoka da Estatuan eta nazioartean.
Lau egunez, Leioak aukera paregabea eskaintzen du banatzaileak, programatzaileak, konpainiak eta prentsa kaleko arteekin bizi daitezen. Kontaktuak egiteko, ideiak trukatzeko, lanak erakusteko eta antzezpenak kontratatzeko aukera. Foro horrek kaleko arteak eguneko hogeita lau orduetan bizitzeko aukera ematen du, eta ikusleak buru-belarri ari dira ekitaldi horretan, eta kaleak hartzen dituzte, eskaintzen zaizkien ikuskizun guzti-guztiez aktiboki gozatzeko eta parte hartzeko prest.
Iruzkindu