“Alabatxo/Querida hija” haurrei zuzendutako keinu-antzerkiko proposamena da. Jokin Oregik idatzi eta zuzendutakoa da; protagonistak bikote bat dira: Laida eta Martin, Ana Meabek eta Javier Renobalesek interpretatuta. Alaba jaiotzeko irrikitan daude, eta haurtxoa jaiotzen denean bizitza nolakoa izango den imajinatzen dute etengabe; izan ere, etxea eraldatu egin dute dagoeneko, eta objektu ugari jarri dituzte jaioko den alabarentzat.
Haiekin batera, Tomás, Laidaren aita (José Ramón Soroiz “Pinpix” aktoreak interpretatuta), bizi da. Umore txarreko gizon kexati horrek ez du bikoteak duen ilusio bera, Laidak bat-batean umea galtzen duen arte. Gertakizun horrek depresio sakona sortuko dio Laidari. Tomasek, egoeraren jakitun, egoera latz horri aurre egiten lagunduko dio; Laidak galdutako ilusioa berreskuratzen, eta horrek Martinekin duen harremana hobetzen saiatuko da.
“Alabatxo/Querida hija” keinuzko ikuskizuna da, clown estilokoa, eta musika eta objektuen manipulazioa ditu oinarri. Sortzaileen arabera, Leioako eszenatokian izandako aurreko bi ikuskizunekin (Robot maitea/Humanos eta Zer duzu negarrez, Marie?/¿Por qué lloras, Marie?) jarraitzeko asmoa du azken lan honek. “Proposamen artistiko bat, lerro koherente bat, finkatu nahi dugu gure lanetan. Marie de Jongh zigilua finkatu, posible bada. Erritmoa, tentsio dramatikoa, dibertimendua, hausnarketa eragiten duen gai bat aukeratzea, emozioa…dira gure lanetan uztartu nahi ditugun elementuak“, esan dute.
Iruzkindu