Leioan maiatzaren 17tik 20ra artean ospatuko den XIII. Umore Azoka, datorren asteazkenean, maiatzak 9, 11.00etan Errekalde Zumardia 30n dagoen Rekalde Aretoan egingo den prentsaurrekoan aurkeztuko da. Bertan, gero eta ikusle, artista eta profesional gehiago biltzen dituen ekimenaren programazioa eta nondik norakoan emango dira ezagutzera.
Berbaldian Eneko Arruebarrena Elizondo, Leioako Alkatea; Gonzalo Olabarria Villota, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria eta Ana López Asensio, Umore Azoka eta Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria saileko zuzendaria izango dira.
Ekitaldian zehar bihurrikariak egiten dituen Ane Miren eta Organik dantza konapinia ere arituko dira.
45 konpainia eta 47 ikuskizun ezberdin iragartzen ditu aurtengo Umore Azokak eta hauetatik 20 behin betiko estreinaldiak dira. Euskadiko konpainiek 14 ikuskizun estreinatuko dituzte eta horietatik hiru, Feriak ekoizpenerako emandako laguntza jaso dute. Gainontzeko estreinaldiei dagokienez, bi Valentziatik datoz eta Andaluzia, Katalunia, Frantzia eta Italiatik bana. Guztira 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dira Feriak irauten dituen lau egunetan.
400 proposamenetik gora jaso dituzte antolatzaileak aurtengo edizioan parte hartzeko, hauetatik %10,61a Euskadiko konpainienak eta %55,58a Estatu espainiarrekoenak. Gainontzeko %33,7a munduko beste herrialde batzuetatik jaso dituzte, aurreko edizioekin konparatuz nabarmen gora egin duelarik aurkeztutako sorkuntzen kopuruak.
Aurtengo programazioa Asier Bastida argazkilariaren ‘Clowntrait’ gune publikoetan gauzatzen den argazki interbentzioarekin osatuko da. Bertan pailazo ezberdinen 50 argazki kokatuko dira Leioako kale eta gune publikoetan ekainaren 17a arte.
Umore Azokan izango diren profesionalei ematen zaien ‘kit’aren antzekoa jasoko dute prentsaurrekora gerturatzen diren kazetariek. Poltsan, konpainia guztien katalogoa, zabaldu daiteken liburuxka eta argazkiak eta txostena eta gainontzeko informazio osoa duen CDa ere aurkituko dute.
Iruzkindu