ERAKUSKETA
Jesús Lizaso
Formak, materialak eta ehunak batu egiten dira, ikusleari sentsazio paregabe bezain bitxiak, hurbilekoak eta erakargarriak eskaintzeko.
Oinatzak, bihurdurak edo hausturak, “Zaldunen Mahaia” bezalako berebiziko tamaina duten bolumen ezohikoak edota bere “Grabitateak Kubora” maneiagarriagoak dira Euskal Herrian estreinakoz aurkezten diren eskultura-proposamen multzo askotariko hau osatzen dutenak.
Fisikan erabiltzen den terminoak, hots, “Ortotropiak”, Jesús Lizasoren azken ariketa antzemateko balio badigu, Plastikotasunaren definizioak, hein handi batean, lan-multzo honen azpian dagoen helburua deskribatzen du.
Egurra material ortotropikoa da batez ere, baina, hala ere, nekez maneia daiteke, oso mugatua baita. Horregatik, artistak adierazkortasuna bilatzea du xede, “Plastikotasun” osoa, simulatutako harikortasun baten bitartez. Lortu nahi den “aldaketak” ilusioa sorrarazten du, halako moldez non materia presionatu, tolestu edo apurtu egin dela dirudien. Logikoa iruditzen zaigunaren eta ikusten dugunaren arteko paradoxa ezartzen da. Oharkabean, aldaketa hori zer indar motak eragin duen ulertu nahi dugu.
Egur naturalak eta landu gabeak prozesuan erabiltzea, gainera, funtsezkoa da, izan ere, hausnarketa eta plangintza maila handia behar ditu. Artista behartuta dago lanaren singulartasuna ezagutzera, kontrolatu ahal izateko. Hala ere, bizia duen materiala denez, askotan, beharrezkoak ditu artistaren zuzenketak eta ukituak; hala, lana bera ezkutatu baino, bere gain hartzen du. Horren emaitza gisa, eskultura aldendu egiten da produkzio industrialaren edozein zantzutatik, eta bere egoera organikoa nabarmendu egiten da.
“Kuboak” oso ohikoak dira Jesús Lizasoren aurreko lanetan, eta, noiz edo noiz, berriro agertzen dira, apika, indar eraldatzailearen ordezkapen kontzeptual gisa, egurraren osagarri gisa eta bere metamorfosia justifikatuz.
Aldea nabarmena eta oinarrizkoa da. Metala/egurra, gogorra/biguna, zimurtsua/leuna jokoak, aldeak euren artean banatu ordez, logika eta esangura ematen dio lanari.
Lanen hautaketa honetan, bisitariak antzekotasunak eta analogiak bilatuko ditu bere eguneroko errealitatearekin, izan ere, handienetatik txikienetara, eskultura guztiek irudimenari gonbit egiten dion oinarri ludiko eta informala dute.
Ortotropiak izeneko erakusketa Euskal Herrian ikusten den lehen aldia da honakoa. Erakusketa honen piezetako batzuk Florentziako (Italia) 8. Bienalean Urrezko dominarekin saritu zuten multzoaren parte dira.
Erakusketa berez errealitate artistiko berritua da, artistak etengabe garatzen eta sortzen baititu planteamendua aberasten duten lan berriak.
» Non: Erakusketa gelan
» Egunak: Otsailaren 7tik apirilaren 7ra
» Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara. Larunbatak, igande eta jaiegunak 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
» Sarrera: Doan
Iruzkindu