Folkincats kataluniarren kontzertu akustikoak Amorebieta-Etxano, Basauri eta Leioako espazio kulturalen “Musika Gertu” zirkuitu musikala inauguratuko du.
Zirkuitu honek “Blues Jazz Zirkuituaren” lorratza jasotzen du, baina Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroko eta Basauriko Social Antzokiko eszenatokietan erakutsiko diren proposamen musikalen estiloak, korronteak eta soinuak are gehiago handituz. Zirkuitua osatzen duten udalerriei giro hurbil eta lasaian formatu txikiko musika proposamenak hurbilaraztea da ideia.
Egitaraua Folkincats talde katalanaren saioarekin hasiko da; otsailaren 14an Amorebieta-Etxanon izango dira, hilaren 15ean, Leioan. Basaurin, aldiz, otsailaren 20an joko dute.
Jazz manouche (gipsy jazz) delakoa ardatz dutela, eta estilo ezberdinetako elementuak txertatuz, moldaketa klasikoetatik pasarte bat-batekoetaraino, Kataluniako lau musikari gazte hauek lau instrumentu akustikoren soinuan (gitarra, biolina, saxoa eta kontrabaxua) oinarritutako kontzertua eskainiko dute, bai eta modu librean egokitutako Kataluniako abesti eta dantza tradizionalen errepertorioa ere. Musikaren hainbat esparrutan (klasikoa, garaikidea, jazza, flamenkoa edo folka) eskarmentu handia duten musikariak dira.
Emaitza soinu, estilo eta errepertorio multzo ezin hobea da. Lan aberatsa eta delikatua, ezagutzen ez diren lurralde musikaletan sakontzeko ilusioa transmititzen duena.
Honako hauek dira Folkincats taldeko kideak: David Salleras (saxoa), Oriol Saña (biolina), Albert Bello (gitarra) eta Oriol González (kontrabaxua).
Iruzkindu