ERAKUSKETA
Juana García Pozuelo, Sra. Polaroiska, Álvaro Gil
Erakusketa ibiltaria da BOSTEKO, euskal artista plastiko ezagunen lana zabaldu eta ezagutaraztea helburu duena. 1998. urtetik hona, hamabosgarren urtez jarraian, erakusketa hauek arte garaikidea hurbildu digute Bizkaiko Lurralde Historikoko zenbait udalerritara, udalerriotako kultura arduradunek koordinaturik egiten duten lanari esker.
JUANA GARCÍA POZUELO
Juana García-Pozuelo Logroñon jaio zen 1978an eta Bilbon bizi da 1996az geroztik. Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Arte Sorkuntzaren eta Ikerketaren Masterra unibertsitate berean. Hainbat ikastaroz osatu du bere prestakuntza. Batzuk aipatzearren, New Yorkeko School of Visual Arts delakoan egindakoa eta Salzburgoko Summer School of Fine Arten burutu zuena. Aipatzekoa da, baita ere, Bilbaoarte Fundazioko hainbat arte eta pintura mintegitan parte hartu izana, edo Bilboko Alondegian Mabi Revueltak hiri-esplorazioaz duela gutxi eskainitako ikastarokoa.
Banakako zazpi erakusketa egin ditu Bilbon, Basaurin, Gasteizen eta Logroñon. Hainbat talde-erakusketatan ere hartu du parte, 2001ean hasita, Espainiako zenbait tokitan. Adibidez, L’Oreal sarian (desagertua gaur egun), Alacanteko Diputazioan, A Coruñako María José Jové fundazioan eta Bizkaiko eta Errioxako lehiaketetan.
SRA. POLAROISKA
Sra Polaroiska Alaitz Arenzanak & Maria Ibarretxek osatua dago.
Zine esperimentala, akzioaren artea, sortze eszenikoa eta koreografia dira beraien lanaren ardatza. Nahita dira euren piezak anbiguoak, gorputzari atxikitako rolekiko jolasean, so dagoenaren begirada desorekatuz. Dantzaren eta eszena-arteen ikerketan diharduen Ruemaniak taldearen kideak ere badira artista biak.
16 mm-tan filmatutako lehen lanari esker Injuve 2003 saria eta soinu bandarik onenarentzako Mecal saria irabazi zituzten. Handik aurrera, arte-zentroetan eta jaialdietan izan dira ikusgai beraien lanak: CA2M, Montehermoso, Madrilgo Arte Ederren Zirkulua, Guggenheim Bilbao, Bilbaoarte, Leuven-go Stuk Kulturcentrum, Stockholm-eko Cervantes Institutua, Reina Sofía, Zinema Ezberdinen Pariseko Jaialdia, besteak beste.
2008an A.I.R Laboratory egoitza beka lortu zuten Varsoviako Centre for Contemporary Art Ujazdowski Castle delakoan, eta Bilbaoarteko egoiliarrentzako beka.
2012an Ertibileko lehenengo saria eskuratu zuten “Pilota Girls” lanari esker. Partaide dira “Territorios y Fronteras” experiencias documentales contemporáneas IV. Maleabilidad…y ¡Revolución! 2013 izeneko proiektuan.
ÁLVARO GIL
Álvaro Gil (Corella – 1986) Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun Bilbon bizi da, eta bertan egiten du behar, arte ekoizpenean eta ikerketa-lanetan murgilduta, UPV/EHUren beka batez “Custom herrikoia, gainazaleko eraldatze-eraikuntzak artearen periferian” izenburua duen doktorego-tesia egiten duen bitartean.
Hainbat arte azokatan, galeriatan eta Museotan izan dira ikusgai beraren lanak. Batzuk aipatzearren: Swab, Just Mad, Louis 21, Raquel Ponce, Guggenheim Bilbao Museoa eta Arte Garaikidearen Huarte Zentroa, besteak beste direla.
2012an Bizkaiko Foru Aldundiaren beka izan zuen “Ikearekin Tuneatzen” izeneko proiektua garatzeko, bai eta Nafarroako Kultura sailarena ere “Brikolajismoak eta neurrira egindako bestelako zereginak. Egizu zuk zeuk”.
» Non: Erakusketa gela
» Egunak: Azaroaren 12tik abenduaren 1era
» Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara. Larunbatak, igande eta jaiegunak 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
» Sarrera: Doan
www.cargocolective.com/srapolaroiska
Iruzkindu