Ostiral honetan, otsailak 8 (21:00. Auditorium), Maïa Vidal kantautorea izango dugu Kultur Leioan. Hainbat instrumentu jotzen dituen eta ahots bikain eta berezia duen abeslari honek, soinu unibertso oso pertsonala ekarriko digu Kultur Leioara, musika estilo anitz jorratuz.
Maïa Vidal ez da ohiko kantautorea. Bere biolin, soinu, gitar, perkusio, jostailu-tresna eta ahots bikain eta erakargarriaren bidez, soinu-unibertso aparta osatzen du, eta bidaia gozo eta zoragarrian, ez ohiko estilo zerrenda luze batetik garamatza: punk-rocketik Frantziako kale-musikaraino, Camille edo Feisten zantzuekin, Yann Tiersenen estiloko soinuetatik pasatuz, vals zein haur-kanten distiretatik edo indie-rock estiloko gitarra erritmoetatik.
Berak editatutako EP-ren ostean, “Poison: 5 rancid songs of love”, bere debuteko albuma da “God is my bike” (2011, Crammed/Karonte), Bartzelonan grabatua Marc Riboten kolaborazioarekin. Freskotasun eta heldutasun harrigarriak hain artista gaztean. Argitaratu zenetik, Maïak, guraso frantses eta alemaniar-japoniarrak dituena, EEBBn jaioa eta Bartzelona/Paris/Nueva Yorken bizi dena, estatuko hamaika jaialditan parte hartu du. Europa, EEBB eta Japonetik ere ibili da.
Iruzkindu