Leioako udala
  • RSS Blog
  • Issuu
  • Flickr
  • Twitter
  • Facebook
  • Youtube

Kultur Leioan egiten diren jarduera guztien berri ematen du egunero. Utzi zure oharrak eta banatu zure gizarte-sareetan.

Kultur Leioa bueltan da udazkenean egitarau bikaina eskainizRSS Blog

Agenda/septiembre-diciembre 2016

Udazken honetan, Kultur Leioak 23 ikuskizun eskainiko du. Lau antzerki proposamen eta hiru helduentzako dantzakoak, 6 kontzertu Musika Arimarekin eta Musika Gertu zikloen barruan, haurtxoentzako bi antzerki ikuskizun eta familientzako zortzi. Eta horrez gain, erakusketak, zinema, lehiaketak… Aterpe Leioa Gaztegunea, Liburutegi, eta Auzogeletako jarduerak ahaztu barik. Estatu eta nazioarteko artista eta konpainien emanaldi nabarmengarriak. Luxuzko egitaraua, gure udalerriko mugetatik harago doana eta kultura maite dutenentzako erreferente bilakatu dena.

IRAILA

Iraila indartsu hasten da Kultur Leioan. Hilaren 23an (Auditoriumean, 21:00h.), denboraldia inauguratuko dugu “Lapsus, desconcierto acústico” kontzertuarekin, “Musika Arimarekin” zikloko lehena. Keinua, zuzeneko musika eta poesia, umore dosi handiekin, publiko guztientzat. Gainera, sorpresak izango dira Kultur Leioaren XII. urteurrenean.

Hilaren 30ean (Auditoriumean, 20:30h.), antzerkia Alberto Sanzolen “La respiración” lanarekin, Teatro de La Abadía y La Zona-ren eskutik. Tragikomedia magistrala, aparteko testua, luxuzko aktore zerrenda eta energiaz beteriko muntaia oinarri dituena. Antzerkia, letra larriz.

Urrian, 2an (Auditoriumean, 18:00h.), “Vuelos” familia ikuskizuna Aracalandanza konpainia ospetsuaren eskutik. 5 dantzari hegaz egiteko ametsa ikertzen, eta objekturik burutsuenak ere protagonista izango dira.

Hilaren 14an (Anbiguan, 21:00h.), “Musika Gertu” zikloaren barruan, Talabarte taldea dator, Galiziako hirukotea. Folkaren bitartez, garaikidetasuna eta usadioa uztartzen dituzte musika herrikoietan zehar doan bidaian.

Hilaren 15ean (Auditoriumean, 20:30h.) Doos Colectivo konpainiak “Anotación nº 7” aurkeztuko digu, dantza garaikide eta bideoproiekzioko proposamena, beldurra, mugak eta pertseberantzia aztertzen dituena.

Hilaren 21ean (Auditoriumean, 20:30h.), “Cuaderno en blanco” lanaren estreinaldi egingo da Leioan, Hika Teatroa konpainiarena, eta García Lorcaren “Bernarda Albaren Etxea” izeneko testuan oinarritua. Gatazka, zirrara, umorea eta poesia oso modu erakargarrian biltzen dituen lana da, konpainia gipuzkoarraren marka nahastezinarekin.

“Musika Arimarekin” zikloa aurrera doa eta Xabi Aburruzaga Band Kultur Leioara dator urriaren 28an (Auditoriumean, 21:00 h.). Jaialdi ugaritan izan den trikitiaren munduko erreferentea dugu. Usadioa eta modernitatea loturik, folk garbienetik jazzaren soinuetara doan bidaian.

Hilarekin bukatzeko, 30ean (Auditoriumean, 18:00h.), Iraya Producciones y Voilà Producciones-en “A la luna” lanarekin gozatuko dugu. Antzerkia, mappinga eta marrazki bizidunak uztartzen dituen familia ikuskizuna, istorio magiko, samur eta dibertigarria.

AZAROA

Azaroarekin hasteko, dantza (20:30h., Auditoriumean). Hilaren 4an, Roberto Oliván-Enclave Arts del Moviment konpainiak “Lonely together” lana estreinatuko du Euskadin. Robert Oliván eta Gregory Maqoma hegoafrikarraren arteko elkarrizketa dantzatua, Laurent Delforge musikari belgikarraren zuzeneko musikaren laguntzaz.

Hilaren 11n, “Musika Gertu” zikloarekin, Olé Swing-ek bere lan berria estreinatuko du Euskadin: “Sueño gitano”, Espainiako musika herrikoi eta Frantziako Gipsy Jazzaren arteko fusioa. Klasiko ijito hilezkorrak swing lan bilakatuta. Alaitasun hutsa.

Azaroaren 13an (Auditoriumean, 18:00h.), familia ikuskizun ederra Marie de Jongh-en eta bere “Amour” lanaren eskutik, 2016ko Feten saria ikuskizunik onenari, eta 2016ko Ercilla saria euskal produkziorik onenari.

Hilaren 18an (Auditoriumean, 20:30h.), antzerkia Kultur Leioako konpainia egoiliarra den Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Téâtre de Pain-en eskutik. “Francoren bilobari gutuna” hiru euskal konpainia hauek elkarrekin sortzen duten hirugarren lana da, euskal antzerkia aireberrituz.

Hilaren 19 eta 20an, familiako txikienen gozatzeko txanda da, “Txiki txiki txikia” izeneko Haurtxoentzako Arte Eszenikoen Zikloarekin (12:30h./18:00h.). Pontenpie katalanek “Loo” aurkeztuko dute, formatu intimista eta poesia bisualekoa. Bere aldetik, La Baracca-Testoni Ragazzi konpainia italiarrak, 40 urteko esperientzia duenak, “Giratondo” aurkeztuko du, etengabe mugitzen ari den ikuskizuna, musika eta irudi magiko eta jostagarriak.

Hilaren 25ean (Auditoriumean, 21:00h.), “Musika Arimarekin” zikloko hirugarren kontzertua izango da: Rocío Márquez, oso proposamen pertsonala Pepe Marchena maisuaren inguruan, flamenkoaren munduko handietako bat. Ahots liluragarria, kantu klasikoa eta babesik gabeko askatasuna.

Egutegia aurrera doa apurka eta abendua dator. Hilaren 2an (Auditoriumean, 20:30h.), dantza proposamena Guy Nader konpainiaren eskutik. “Time takes the times time takes” (TTTTTT), dantzari boskotea zuzeneko musikarekin, elkarrizketa dinamiko eta fisikoa mugimenduaren errepikapenaren bidez. Kritika bikainak lortu ditu eta harrera paregabea jaialdi desberdinetako publikoaren artean.

Hilaren 16an (Auditoriumean, 20:30h.), “La piedra oscura”, Alberto Conejeroren harri bitxi txikia, Centro Dramático Nacional eta LaZona-k produzitua. Zirraragarria eta sari asko bildu ditu Pablo Massiez zuzentzen duen eta Daniel Grao eta Nacho Sánchez aktore bikainen interpretazioez gozatzen duen lan honek. Lorcaren arima ere testuan igarri daiteke. Oroimena justizia-gune gisa jorratzen duen lana, konponbidearen beharraz hitz egiten duena. Tentsio dramatikoa eta pultsu poetikoa barra-barra.

ABENDUA

Abenduaren 23an (Auditoriumean, 21:00h.), “Musika Arimarekin” zikloari bukaera emateko, Travellin’ Brothers taldea nazioarte mailako artista batekin izango dugu. Sorpresako topaketa, ikuskizun paregabea ekarriko duena.

Eta abenduaren 26tik 30era (18:00h., Auditoriumean), Gabonetan Antzerkira-Gabonetako Arte Eszenikoen XVII. Erakustaldia, txikienei diziplina anitzeko lan berrien hautaketa bat aurkezteko: aktore-antzerkia, txotxongiloak eta objektuen manipulatzea, dantza, itzalak, xaboi burbuilak eta musika asko.

Horrela, abenduaren 26an, haurren munduan eskarmentu handia duen Marisa Amor konpainiak “Corazón de elefante” aurkeztuko du, zuzeneko mugimendu eta musika jolastu, eraiki eta asmatzea gustuko dutenentzat.

Hilaren 27an, Mastretta-k eskainiko du “Mastretta en familia”, umeei musikaren oinarriak modu dibertigarri eta parte hartzailean erakusteko ikuskizuna, Nacho Mastrettaren eskutik, eskarmentuko musikari eta egilea, Marina Sorin, Luca Frasca eta Coque Santosen laguntzarekin.

Hilaren 28an, La Canica Teatro de Títeres-ek “Sirenita” aurkeztuko du, 2016ko Fetén saria txotxongilo ikuskizunik onenari. Bi aktorek H.C. Andersenen klasikoaren egokitzapen erakargarria eszenifikatzen dute objektu desberdinen bitartez.

Hilaren 29an, Nacho Diagok “Viaje a la luna” dakar, harrituko gaituen magia ikuskizuna. Ilargira joango gara txartel bakarrarekin: irudimena.

Eta 30ean, Markeliñek “Euria” aurkeztuko du, antzerkia, poesia, umore zertzeladak eta sorpresa bisualak gainditze gaitasunari buruzko istorio batean.

ERAKUSKETAK

Arte eszeniko eta musikako egitarau oso horri erakusketa programa interesgarria batu behar zaio:
Irailaren 25era arte, Javier Oyarzun eskultore nafarraren “Uneak nire jatorrizko faunan” bisitatu ahal izango da Kultur Leioako erakusketa aretoan. 3Da lotsarik gabe erabiliz, eskultore honek errealismo harrigarria lortzen du.

Urriaren 3tik 23ra, Bosteko 2016 ikusi ahal izango da, erakusketa ibiltari honen hemeretzigarren edizioa, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza duena. Irailaren 7an hasi zen, eta gure herrira etorri ondoren, Arrigorriaga, Zornotza eta Getxon egongo da ikusgai. Edizio honetan, hiru artista hautatu dira: David Hornback (argazkilaritza), Leire Urbeltz (ilustrazioa) eta Laurita Siles (ikus-entzunezkoa eta instalazioa). Beren lanek edizio honen gaia dute komunean, “Deserriratuak”.

Urriaren 31tik abenduaren 30era, Kultur Leioako 5. solairuan, Leioako XXVIII. Argazki Lehiaketara aurkeztutako lanen hautaketa baten erakusketa ikusi ahal izango da.

Azaroaren 10etik abenduaren 11ra, Juan Torreren “Ukitzeko Irudiak”: argazkiari begiratzeko modu urratzailea, eskuak aurretik jarriz.

Eta urteari amaiera emateko, abenduaren 17tik urtarrilaren 22ra, Ane Pikaza artista eta ilustratzaile bizkaitarrak Leioako erakusketa aretorako beren beregi prentsatutako erakusketa egingo du.

Urterik urte, Kultur Leioak abantailak eskaintzen dizkiegu Kultur Leioaren lagun txartela dutenei, beherapen bereziak gehituz sarrerek duten ohiko %25eko deskontuari; zinema eta arte eszenikorako gonbidapenak, beherapenak tailerren matrikuletan, eta askoz gehiago.
Eta publiko orokorrarentzat ere %50era arteko deskontu interesgarriak taldeentzako sarrerak erostearren; sarrerak aurretiaz erostearren (beherapen berezia irailaren 16a baino lehen); edo antzerki, musika, dantza eta familia ikuskizunen sorta bereziengatik.

Ez dago aitzakiarik. Egin zaitez Kultur Leioaren lagun eta etorri.

KATEGORIAK: Albisteak, Bloga
2016, irailak 12

Iruzkindu


(*) Izartxoarekin markatutako eremuak nahitaez bete behar dira.

Flickr

Copyright © 2014 Kultur Leioa | LEGE OHARRA | DATUEN BABESA
Internet Explorer 8rako optimizatutako webgunea
KULTUR LEIOA Jose Ramon Aketxe Plaza, 11 - 48940 Leioa (Bizkaia)