Udazken honetan, Kultur Leioak 20 ikuskizun eskainiko du. Helduentzako bi antzerki eta hiru dantza proposamen, “Musika Arimarekin” eta “Musika Gertu” zikloetako 6 kontzertu, haurtxoentzako bi antzerki ikuskizun eta zazpi familientzat. Eta erakusketak, zinema, lehiaketak… Aterpe Leioa Gaztegunearen, Liburutegiaren eta auzoetako aretoen jarduerak ahaztu barik. Bertoko eta nazioarteko artista garrantzitsuen emanaldi nabarmenak. Gure udalerriko mugak gainditzen dituen luxuzko egitaraua, kultura maite dutenen erreferente bilakatuta.
Urria fuerte dator Kultur Leioara. Urriaren 2an, Danza a escena zikloaren barruan, Bartzelonan bizi den Claire Ducreux frantsesak “Réfugiée Poétique” eskainiko digu, dantzaantzerki ikuskizuna publiko guztientzat. Erreala, zirraragarria, magikoa.
Urriaren 9an, “Musika arimarekin” ziklo barruko lau kontzertuetako lehena izango da. Kultur Leioara dator une honetako Portugalgo ahotsik nazioartekoena, Antonio Zambujo (21:00etan, Auditoriumean). Bere talde potentearekin batera, jazzarekin bat egindako fadoa, bossanova, morna… eskainiko dizkigu. Ahots eta estilo paregabeak. Hilaren 16an, “Musika Gertu Leioa” zikloarekin, bluesa The Two taldearen eskutik (22:00etan, Ambigun), blues kreole eta Deltako bluesean oinarritzen den gitarra bikote karismatikoa. Jatorri ezberdinekin, agerian jartzen dute musika hizkuntza unibertsala dela.
Urriaren 18an, Thomas Noone Dance etorriko zaigu “Alicia” ikuskizunarekin (18:00etan, Auditoriumean). Familia osoarentzako dantza, Lewis Carrolen eleberriko egoerarik absurdoenetan inspiratzen dena. Mugimendua, irudimena eta fantasia. Dena da posible. Gainera, konpainiak dantza tailer bat eskainiko die familiei eta publikoarekin egongo dira ikuskizuna amaitu ondoren.
Dantza maite dutenentzat, urriaren 23an (20:30ean, Auditoriumean), Sol Picó dantzari eta koreografoak “One hit wonders” ikuskizuna eskainiko du, ibilbide artistiko baten bilakaeraren gaineko begirada panoramikoa, konpainiaren hogeigarren urteurrenean. Indarra, teknika, umorea, dinamismoa eta heldutasuna. Masterclass bat eta topaketa publikoarekin, artista handi hau ezagutzeko aukera aparta. Eta urria bukatzeko, Mastretta orkestra bikainaren bisita izango dugu, “Musika arimarekin” zikloaren bigarren kontzertuan (21:00etan, Auditoriumean). Bere azken diskoa, “El Reino de Veriveri”,.aurkeztera datorren eskarmentu handiko taldea.
Azaroarekin hasteko, berriz, dantza (20:30ean, Auditoriumean). Hilaren 6an, VerTeDance Company & JiriHavelka txekiarrek “Correction” aurkeztuko digute. Metronomo baten antzera kulunkatzen diren zazpi gorputz. Antzerki fisikoa, koreografiaune bikainak eta klarinete bikotea.
Azaroaren 8an, (18:00etan, Auditoriumean), familientzako antzerkia eta txotxongiloak Companyia de Comediants La Baldufa taldearen eskutik, “Pinocchio, figlio di Gepetto” lanarekin, Feten 2015eko ikuskizunik onenaren eta zuzendaritza onenaren sarien irabazlea. Proposamen moldakor eta organikoa ume-txotxongilo baten irudimenean sartzeko, Carlo Collodiren testuaren interpretazioa berria eginez.
Abendua
Azaroaren 13an, “Musika Gertu Leioa” zikloak darrai (22:00etan, Auditoriumean) O Sister! Taldearen eskutik, “Spooky Sessions” lanarekin, dixie eta swingaren urrezko urteei egindako omenaldia. Kalitatea, freskotasuna eta taularatze bikaina.
Antzerkia euskaraz gure Huts Teatroa-Artedrama konpainia egoiliarraren eskutik, hori da daukaguna azaroaren 20an (20:30ean, Auditoriumean) “Etxekoak” antzerkiarekin, Jon Gerediagak idatzia eta Ander Lipusek zuzendua. Immigrazioaren gaia jorratzen du, estatuak eta beren hesiak, eta istorio pertsonal batetik abiatzen da.
Familiako txikienek ere arte eszenikoak ezagutzeko aukera izango dute “Lehen Aldia, Haurtxoentzako Antzerki zikloarekin”, azaroaren 21ean (12:00/12:45/17:30/18:15, Auditoriumean), Imaginart talde katalanaren “Planeta KA” lanarekin. Zentzumenetarako instalazioa duen ikuskizuna, haurtxoek ingurua ezagutu eta aurkitu ahal izateko. Azaroaren 22an (12:30/18:00, Auditoriumean), “Rawums”, Florschütz & Döhnert alemaniarrena, musika, antzerkia eta txotxongiloak, nazioarteko jaialdietan arrakasta handia izan duen lana.
Eta azaroaren 27an (21:00etan, Auditoriumean), Oreka TX taldeak “Sílex” ekarriko digu,
bere azken lana, “Musika Arimarekin” zikloaren barruan eta Topagunearen laguntzarekin. Harrizko txalapartaren soinua, aldi berean, berritua, indartsua zaharra eta modernoa den musika tresna.
Apurka, abendura hurbiltzen goaz, oraindik fuerteago datorrena. Antzerki proposamen aparta, “Lluvia constante”, Keith Huff-ek sortua, David Serranok zuzendua, eta Roberto Álamok eta Sergio Peris Menchetaindarrek indar handiz antzeztua. Antzerki hutsa. Abenduaren 18an, “Musika Arimarekin” zikloari amaiera emateko, Travellin’ Brothers All Stars taldearen bluesa, “Magnolia Route World Tour” birako azken kontzertua emanez. Nazioarteko bira arrakastatsuaren ostean, Leioako banda honek kontzertu berezia eskainiko digu, sorpresez betea eta ezusteko gonbidatuekin.
Eta abenduaren 26tik 30era (18:00etan, Auditoriumean), bueltan egongo da Gabonetan Antzerkira zikloa, Arte Eszenikoen Gabonetako XVI. Erakustaldia. Horrela, umeei, diziplina desberdinetako lan berrien hautaketa bat eskainiko diegu: aktoreak, txotxongiloak, objektuak erabiltzea, dantza, itzalak, xaboi burbuilak eta musika piloa. Horrela, abenduaren 26an, 25 urte eta sari asko dituen Gorakada konpainiak “Moby Dick” aurkeztuko du, txotxongilo eta aktoreekin kontatutako bizitzaren aurreko bi jarrera desberdin. Hilaren 27an, Colectivo La Ressistens-Laenananaranja taldeak Kontu kantari” ekarriko digu, musika eta txotxongiloekin familian gozatu ahal izateko aukera, betiko kantak beste erritmo batzuen bitartez errepasatuz. Hilaren 28an, Múcab Dans-Bacúms/arts escéniques i visuals taldeak “Burbujas de papel” erakutsiko digu, 2014ko Gaztela eta Leoneko azokan, familia-ikuskizun onenaren irabazlea. Xaboi burbuila, paper, puxika, argi eta iluntasunez beteriko ibilbide fantastikoa. Hilaren 29an, 2princesesbarbudes taldeak “Gaueko entziklopedia koxkorra” aurkeztuko du: antzerkia, musika, umorea eta sormenezko poesiaren ukitua duten abestiak, jostailuz eginiko tresnez joak. Eta 30ean, Anita Maravillas & Portal 71 taldeak “Pintto Pintto” antzeztuko du, umorez beteriko txotxongilo-antzerkia, inguratzen gaituztenekiko harremanak samurtasunez kontatzen dituena.
Erakusketak
Erakusketei dagokienez, urriaren 1etik 18ra Argihizkiak, argazkietan oinarritutako testu laburren IV. lehiaketaren erakusketa izango da Kultur Leioako erakusketa gelan. Honen aurkezpen eta sari banaketa urriaren 1ean, arratsaldeko 19:00tan burutuko da. Urriaren 19tik azaroaren 8rarte ere, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen duen arte garaikidearen inguruko Bosteko 2015 erakusketa ibiltariaren hamazortzigarren edizio izango da. Edizio honetan hiru artista hautatu dira: Ana Riaño eta Iker Serrano margolariak dira. Biak aritzen dira pintura errealista garaikidearen eta figuratiboaren arloan, baina estilo desberdinak erabiliz. Roberto Aguirrezabalak argazkigintza lantzen du, narrazio formatuan, erretratu fikzionatuaren eta paisaia eraldatuaren artean.
Azkenik, liburutegiak “Ipuinaren ordua” programa aurkezten du, etxeko txikienei eskeinitako ipuin-kontaketak. Urriaren 29an eta azaroaren 26an arratsaldeko 18:00tatik aurrera euskaraz izango dira kontaketak. Berriztazun bezala, urriaren 24an, azaroaren 21ean eta abenduaren 29an ingerelaz burutuko dira, goizeko 11:30tatik aurrera.
Urterik urte, Kultur Leioak abantailak eskaintzen dizkie bere lagunei: ohiko beherapenak (%25 sarreretan), gonbidapenak (zinema, arte eszenikoak)… Eta publiko orokorrarentzat, irailaren 27a baino lehen (egun hori barne) sarrera txarteldegian erosten dutenek beherapen interesgarria izango dute.
Iruzkindu