Leioako Udalaren Kultura Sailak ARTEDRAMArekin elkarlanean sortutako aste kulturala aurkeztu da gaur goizean Kultur Leioako prentsa gelan. Bostgarren urtez jarraian burutuko da Kultur Maratila, antzerkia, musika, dantza, etab. uztartu eta plazaratzea helburu duelarik, euskal sorkuntza beti oinarri izanik.
Burututako aurkezpenean, Leioako Alkatea den Mari Carmen Urbieta, Ander Lipus, Artedramako Zuzendari Artistikoa; eta Anodino Teatro konpainiako kideak izan dira.
Aurtengo Kultur Maratilak lau eguneko iraupena izango du, otsailaren 25etik 28ra eta bertan hiru antzerki ikuskizun, musika kontzertu bat eta musika dantza eta literatuarekin uztartzen dituen beste bi ikuskizun eskeiniko dira.
Ekitaldi guztiak Kultur Leioako Auditorium, Ambigu aretoan eta Erakusketa Gelan burutuko dira, hauen salneurriak 6 eta 10 euro tartean izango direlarik. Ziklo osoa ikusi nahi duenarentzat, 30 eurotako bonoa erosi ahal izango du Kultur Leioako txarteldegian, Maratila Kit opari barne duelarik.
Leioako Alkatea den Mari Carmen Urbietak esan bezala Kultur Maratila “leku ezinhobea da euskera eta kulturaren inguruan publikoa, hedabideak eta profesionalak elkartzeko eta bertan partehartzeko”. Ziklo hau Leioako Udalaren apostu “esanguratsua” dela aitortu du, programazio hau eskaintzeko Udalak “esfortzu ekonomikoa handia egiten duela eta egiten jarraituko duela” adierazi du, “euskal sorkuntza bultzatu nahian eta honek ere isla izan dezan Leioako herri eta herritarrengan, euskeraren erabileraren aldeko urratsak emanez”.
Ander Lipusek, Artedramako zuzendari artistikoak, “publikoa asetzea helburu duen programazio” bezala aurkeztu zuen Kultur Maratila. Proposamen “irekiak eta bereziak” eskaintzea da asmoa, “Euskal Herrian egiten ari diren gauzen isla izatea”. Kultur Maratilak diziplina anitzekin jolasten duela adierazi du, adibide moduan ‘Gau Beranduan’ edo ‘Dantza gurea’ ikuskizunak jarriz. Bestalde, publiko orokor bati zuzendutako proposamenak ere presentzia dutela gaineratu du, ‘Heroiak’ antzezlana aipatuz eta, azkenik, proposamen berriei egiten zaien tartea azpimarratu du, aurten Anodino Teatroaren ‘Zerura eroria’ antzezlanarekin.
Anodino Teatroko kideak “oso pozik” agertu dira Kultur Maratila honen parte izateagatik euren proiektuarentzat “izugarrizko bultzada” suposatu duelako. “Burugabe, lotsagabe eta txoroa” bezala aurkeztu dute euren lana, ordu betez ondo pasatzeko aukera ematen diona publikoari. Protagonista zerura heltzean aurkitzen duen “panorama zoroa” da abiapuntua, “hiltzerakoan denok aurkitu nahi izango genuen zerua” antzezten ahalegindu direla adierazi dute.
Iruzkindu