Leioako udala
  • RSS Blog
  • Issuu
  • Flickr
  • Twitter
  • Facebook
  • Youtube

Kultur Leioan egiten diren jarduera guztien berri ematen du egunero. Utzi zure oharrak eta banatu zure gizarte-sareetan.

Maiatzaren 18tik 21era, Umore Azokak Kaleko Arteen erakustoki hoberena bilakatuko du Leioa, erabateko 21 estreinaldirekinRSS Blog

Presentación Umore Azoka 2017

Umore Azoka Leioak, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azokak, kaleko ikuskizun hoberenen aukeraketarekin beteko ditu berriro udalerriko kaleak, Euskal Herritik, Estatuko gainerako lekuetatik eta mundu osotik etorritako 50 konpainiaren eskutik. Azokaren XVIII. edizioak erabateko estreinaldi izango diren 21 ikuskizun, Estatuan estreinatuko diren 9, kaleko 2 estreinaldi, eta work in progress bat jasoko ditu. Hori dela eta, egitarauaren bi heren baino gehiago berrikuntzak izango dira.

Umore Azoka Leioako programazioaren aurkezpena gaur goizean izan da Bilboko Errekalde Aretoan. Ekitaldian Mari Carmen Urbieta Leioako Alkatea, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusia eta Ana López Asensio Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Saileko Zuzendaria egon dira.

Mari Carmen Urbietak azpimarratu duenez, maiatzaren 18tik 21era, “Leioa Kaleko Arteen erreferentziazko puntu bilakatuko da berriro”, eta dagoeneko 18 urte bete dituen ekitaldiaren alde udalerria egiten ari den apustua azpimarratu du. “Konpainiek parte hartzeko erakusten duten interesak eta gero eta ikus-entzuleen presentzia handiagoak argi eta garbi erakusten dute urtero egiten dugun esfortzu ekonomikoak merezi duela”. Urbietak gogorarazi duenez, aurten aurrekontuak gora egin du, eta dagoeneko 280.000 eurotik gorakoa da. “Horrek argi eta garbi erakusten du Leioari asko, eta ez ikuspuntu ekonomikotik bakarrik, ematen dion azokarekin dugun konpromisoa”.

Aurreko edizioan bezala, aurten ere Umore Azoka Leioak lekua gordeko du udalerriko kolektibo artistikoetarako, “Tokiko Eszena” ekimenaren bitartez. Horrela, Urbietak adierazi duenez azoka “aukera paregabea da Leioarentzat, eta gure udalerriko pertsona sortzaileek ere erakusleiho bikain honetan parte hartzea gura dugu”.

Sorkuntza artistikoaren ikuspuntutik, Ana López Asensiok jarduera programaren kalitatea eta aniztasuna azpimarratu ditu, eta parte hartuko duten konpainiak 500 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu direla gogorarazi du. Halaber, berrikuntzaren eta aniztasunaren aldeko apustua aipatu du, Umore Azoka Leioak programazio trinkoa eta kaleidoskopikoa eskaintzen duelako aldi berean, diziplina anitzeko ikuskizunek eta genero anitzek osatutakoa, musikak, bertsolaritzak, magiak, clownak, pirotekniak, multimediak, txotxongiloek eta automatek, eta baita fakirismoak ere, guztiak ere erabateko estreinaldian.

Horrez gain, Umore Azoka Leioa ezinbesteko erreferentzia bilakatu da euskal sorkuntza sektorerako, parte hartuko duten 22 konpainietatik (EAEko 20 eta Iparraldeko 2), 14 inoiz ikusi gabeko ikuskizunekin etorriko baitira. “Umore Azoka Leioa, Euskal Herri osoko artistek eta profesionalek euren agendan gorriz markatuta duten hitzordua da, ondoren kontratatuko dituzten profesional askoren artean euren lanak Leioan erakutsiz lor dezaketen proiekzioarengatik zein beste lan batzuk ezagutzeko eta ezagutza konpartitzeko aukerarengatik”, adierazi du Ana López Asensiok.

50 konpainia eta 150 emanaldi
Azokak irauten duen 4 egunetan Leioara hurbiltzen diren pertsonek aukera zabalaren artean hautatu ahal izango dute, modu librean edo antolatzaileek proposatutako ibilbide artistikoak jarraituz. Euskal Herriko konpainiei dagokienez, aurtengo edizioan talde hauek hartuko dute parte: Amaia Elizaran, Bilaka, Cía. Barré, Cía. Tornado, Compañía Eva Guerrero, Compañía Trotamundos, El Gran Rufus, El Mono Habitado, Ertza Dantza, Garazi & Cía., Haatik Dantza Konpainia, Hortzmuga Teatroa, Jaiotz Osa, Kukai Dantza & Brodas Bros, Lekittoko Deabruak, MDV Danza, Mugmus Laborategia, Shakti Olaizola, Teatro a la Boina, Tetes de Mûles, Trapu Zaharra, eta Turukutupá. Guztiek ikuskizun bakarra eskainiko dute, bi eskainiko dituen Haatik Dantza Konpainiak izan ezik.

Estreinaldien artean azpimarratzekoak dira Kukai Dantza taldearen eta Brodas Bros katalanen “Topa” ikuskizuna, Umore Azokak eta Festival Sismògraf de Olot izenekoak ekoiztutakoa. Ikuskizun horretan euskal dantza tradizionala eta hip-hop-a uztartzen dira. Antzeko zerbait gertatzen da Lekittoko Deabruak taldearen “Anabasa” lanarekin, Mediterraneoko “correfoc”-etan inspiratu baita, musika eta piroteknia ikuskizuna sortzeko, euskal tradizioen ikuspegitik begiratuta. Aipatzekoa da, baita ere, “side –show”-ean inspiratuta dagoen eta karpa baten azpian antzerkia, zirkua eta magia erakusten dituen “Tetes de Mûles”-en ikuskizuna.

Estatuko gainerako lekuetatik, azpimarragarria da Kataluniako konpainien presentzia, 9 ordezkari baitatoz bertatik. Horrez gain, Andaluziako 3, Gaztela-Leongo eta Murtziako 2na eta Gaztela-Mantxako, Valentziako Erkidegoko, Madrilgo eta Balear Uharteetako bana etorriko dira. Oraingo honetan, proposamenek, Karla Kracht & Andrés Beladiezen multimedia instalaziotik Compañía Toti Toronellen automatetara edo The Opposite Hand-en dantza bertikalera doaz, Valentziako Maduixa konpainiaren trikimako gaineko ikuskizun saritua ahaztu barik.

Nazioarteari dagokionez, Frantziako konpainiak protagonista izango dira aurten ere, 4 ordezkarirekin. Horien artean azpimarragarria da Kaleko Arteetan 17 urte daramatzan eta nazioarte mailan ospe handia duen Pudding Théâtre, aukeraketa artistikoaren kalitate maila altuaren erakusgarri. Azpimarratu behar da nazioarteko 8 konpainiek (Frantziako 4, Frantzia-Uruguaiko bat, Hungariako bat, Suitzako bat eta Herbehereetako bat) orain arte Estatuan ikusi gabeko 7 ikuskizun eskainiko dituztela, horietako batzuk oso bereziak, Madam Kanibalek eskainiko duen antzerki, clown eta fakirismo nahasketa berritzailea, besteak beste.

Azoka profesionala
Ana López Asensiok gogorarazi duen moduan, Umore Azoka Leioaren jarduera ez da ikuskizun artistikoetara mugatzen. Programaren oso parte garrantzitsua jarduera profesionalarekin dago erlazionatuta. “Bere izenak adierazten duen bezala, Umore Azoka Leioa azoka bat da, artistentzako eta programatzaileentzako topalekua, bertan esperientziak konpartitzeko eta joera berriak ezagutzeko, baina, batez ere, merkatu bat da, Leioan euren programazioetarako ikuskizunak aukeratzen, akordioak ixten eta kontratuak sinatzen dituzten ehun profesional baino gehiago etorriko direlako”, adierazi du zuzendari artistikoak.

Aurtengo ediziorako aurreikusi diren jarduera paraleloen artean, hainbat erakunderen batzarrak daude, Sarearena-Antzokien Euskal Sarearena eta Kaleko Arteen Profesionalen PATEA Elkartearena, besteak beste. Horrez gain, kaleko arteen gizarte balioari eta kontakizun mediatikoari buruzko gogoeta jardunaldiak eta Artekale Espazioan egingo diren topaketa azkarren edo Speed Meeting izenekoen saioak ere egongo dira.

Jarduera horiek goizez izango dira batez ere, azokak irauten dituen lau egunetan, horrela ikuskizun artistikoak jarraitzearekin bateragarri izan daitezen, salbuespen batzuekin. Hori gertatuko da maiatzaren 9an eta 10ean Kultur Leioan egingo diren “Arteen Sukaldaritza” jardunaldiekin. Bertan hainbat adituk hartuko dute parte, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko María Velasco irakasleak, Bartzelonako SMUCeko Xavier Fina irakasleak edo Lucía Litjmaer eta Aida Pallarés kazetariek, besteak beste.

Halaber, maiatzaren 19an, ostiralean, 14:30ean, XVIII. edizioan parte hartuko duten konpainiei eskainiko zaien harrera ekitaldi ofiziala ospatuko da eta Umore Azoka Leioa 2016ko sariak banatuko dira. Ekitaldia Mendibile Jauregian egingo da, eta Umore Azoka 2017 Sari Berezia ere bertan banatuko da.

Jarduera paraleloen artean, baita ere, Leioako Kalian Hiri Kulturgunea arte elkarteak “Piknik Kalian Pinosolo” espazio arrakastatsua antolatuko du hirugarren urtez jarraian. Ostiraleko arratsaldeko 17:00etatik eta ia etenik gabe igandeko gaueko 22:00ak arte, Pinosolo Parkeak mota guztietako jarduera ludikoak jasoko ditu: erakusketak, apainketa, horma-irudiak, ibilaldi poetikoak, ibilbide naturalak familientzat, umeentzako jarduerak, tailer erakusketak, musika, etab.

Iazko edizioan jaso ziren datuek erakusten dutenez, 38.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Umore Azoka Leioara, udalerriko hiriguneko hogeita hamar espazio eszeniko inguruetan. Aurten ere, parte hartuko duten 200 artista baino gehiagorekin elkartuko diren sektoreko 200 profesional baino gehiagoren presentzia itxaroten da.

KATEGORIAK: Albisteak, Bloga
Etiketak: ,
2017, apirilak 27

Iruzkindu


(*) Izartxoarekin markatutako eremuak nahitaez bete behar dira.

Flickr

Copyright © 2014 Kultur Leioa | LEGE OHARRA | DATUEN BABESA
Internet Explorer 8rako optimizatutako webgunea
KULTUR LEIOA Jose Ramon Aketxe Plaza, 11 - 48940 Leioa (Bizkaia)