Umore Azoka-Kaleko Artisten Azokak hamalau estreinaldi eta kalean lehen aldiz aurkeztuko diren beste bost lan iragartzen ditu maiatzaren 16tik 19ra bitartean burutuko den egitarauaren barne. Lehen aldiz ikusgai izango diren zortzi ikuskizun euskal konpainiek eskainiko dituzte, beste bost Andaluzia, Gaztela eta Leon, Kataluniako eta Valentziako konpainiak sortu dituzte eta Frantziako konpainia batek eszenaratuko duen lanak osotuko du estreinaldien zerrenda.
Euskal konpainiek Leioan duten presentzia azpimarragarria da urtero-urtero, guztira hamabi taldek parte hartuko dute aurten, hauetatik zortzik proposamen berriak ezagutzera emango dituzte, antzerkia, dantza edo bi ezaugarri horiek uztartzen dituzten lanekin.
Antzerkiaz baliatutako sorkuntzen artean Gaupasa eta Nacho Vilar Producciones elkarlanean sortutako ‘Typical’ lan ibiltaria dago, ekitaldiak zaharkitutako topikoak berreskuratu eta agerian jartzen dituela edo Ipso Facto taldearen ‘+ ke vecinos’ umoretsua, non auzo batera bizitzera doan talde baten nondik norakoetan oinarritzen dena.
Iaz bezala, estreinaldia dakar Trapu Zaharra konpainiak ‘Una hora’ izenburupean eta bertan gezurti-konpultsiboak birgizarteratzeko ahaleginak egiten dituen Fundazio baten egitasmo zentzugabea agerian jarriko dute.
Antzerkia, dantza eta musikaz baliatzen dira bai Cachaba Teatro eta bai Deabru Beltzak taldeen proposamen berriak. Lehenak ‘Viejos’ lana aurkeztuko du, adineko kutun talde batek egunero bizirauteko erabiltzen dituen estrategiak ezagutzera emango ditu, eta Deabru Beltzaken ‘Drumbreak’ hiri dantzak eta perkusioa erritmoz beteriko proposamenean batzen ditu.
Hiri dantzan oinarritutako ‘4×4’ lana estreinatuko du Ertza konpainiak, ezberdina izateko eskubidea aldarrikatzen duen lana eta Al Di Láren ‘Purificación Run Run’ piezak gizakiaren iraganeko xalotasuna berreskuratu eta erruaren marka albo batera uztera gonbidatzen du.
Zirkoa eta musika biltzen ditu Bapatean Zirko taldearen ‘Tenderete’ proposamenak, absurdoaz eta unibertso propioa sortzeko ilusioaz baliatuz.
Estreinaldi gehiago
Kataluniako bi konpainiek beraien ikuskizun berriak estreinatuko dituzte Leioako Umore Azokan. Dudú & Companyiak objektu piloarekin azaltzen den ‘El Niu’ izaki misteriotsuaren lana eskainiko du keinu eta klown teknikaz baliatuz eta Amalaba taldeak zirkoa eta musika nahasten dituen ‘Tea for two’ obra dakar.
Andaluziako La Güasa Teatro Circoren ‘Móbil’ obran gizon arrunt bat eta makina konplexu baten istorioa garatzen da; Gaztela eta Leongo Tiritirantesek aurkeztuko duen ’Cirqueamos’ zirkora hurreratzeko era desberdin bat proposatzen du eta Valentziako Arritmados taldeak estreinatuko duen ‘Menás a truá… con orgullo y dignidad’ iraganeko ospea berreskuratzeko asmotan dabilen konpainiaren istorioa ezagutaraziko du.
Behin betiko estreinaldien zerrenda Frantziako La Mini Compagnieren ‘Enivrez-vous’ lanarekin osotuko da, talde honetan 2011ko Umore Azokan ‘Salir’ lanagatik Euskal Herritik kanpoko ikuskizun onena eskuratu zuen Coliflor taldeko kideak zirela.
Aurtengo egitarauan nabarmentzekoak dira ere aretoan antzeztuak diren baina lehen aldiz kalean estreinatuko diren bost estreinaldi, hain zuzen Kataluniako Cía. El Otroren ‘Wanted’ eta Psircen ‘Lab’ eta Frantziako Cie. Seeren ‘Sitting to see’, Les Amis de Christine-Colas Rouaneten ‘Notre vie…’ eta Nacho Floresen ‘Tesseract’. Bost proposamen hauek Caminos Emergentes-Proyecto Process()s eta Pirineos de Circo egitasmotik sortu dira eta Kabaret Zirkus galan eszenaratuko dira, aurkezlea Ganso klown euskalduna izango dela.
Iruzkindu