Leioan maiatzaren 17tik 20ra artean ospatuko den XIII. UMORE AZOKA – Kaleko Artisten Feriak, berretsi egingo du sorkuntza artistikoarekin eta kaleko arteekin duen konpromisoa. Hala adierazi dute, aurtengo jaialdiaren aurkezpen ekitaldian Leioako Alkatea den Eneko Arruebarrenak; Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aholkularia den Pello Gutiérrezek; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria den Gonzalo Olabarriak eta UMORE AZOKA eta Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria saileko zuzendaria den Ana Lopezek. Konpomiso horren adierazgarri dira iragarritako 22 estreinialdiak, egitaraua osatuko duten 47 ikuskizun desberdinek eta, bataz beste izango diren 120 agerraldiak.
XIII. edizioaren aurkezpena Organik dantza konpainia eta Ane Miren bihurrikeriaren saio laburrekin hasi eta amaitu da. “Erakusleiho eta Arte Eszenikoen arloko eragile desberdinen arteko topagune izateko asmoarekin jaio zen ekimena” izanik, UMORE AZOKAren helburu nagusiak “kaleko arteen industriaren garapena indartzea”, erakusteko azoka izateaz gain “didaktikoa eta komertziala izatea” eta “kaleko artistek Arte Eszenikoei eta giza dinamizazioari egiten dioten ekarpen aparta” azpimarratu ditu Eneko Arruebarrenak bere berbaldian.
Pello Gutiérrezen esanetan, UMORE AZOKAko egun hauek “gure lurraldeko teatrozaleon egutegietan gorriz azpimarratuta egon behar diren udaberriko egunak dira”, ekimena “lurralde honek sorkuntzarako duen gaitasuna” eta “gero eta garrantzi handiago duen kaleko arteen jaialdi hau ezinbesteko hitzordua da euskal antzerkigintzan”. Gainera, “proposamen berriak ezagutu, harremanak sendotu, kontratazioak suspertu eta, batez ere, ekimen artistikoaren erruberak bira egiten jarrai dezan, ekonomiak bidean jartzen dituen oztopo guztiak gaindituta”.
Bizimodua alaitzeko
UMORE AZOKAk “bizimodua alaitzeko” egiten duen ahalegina eskertu du Gonzalo Olabarriak, bere esanetan, “sorkuntza eta berrikuntza arloetan urte bete luzez egindako lanaren ondorioa” delako, antolatzaileak “adi baitaude beti kaleko arteen arloan sortzen diren proposamen eszeniko berriei, lan berriak, berritzaileak eta hainbat kasutan arriskuz beterikoak baina sarritan joera artistiko berriak ezagutzeko balio dutenak”.
“Gaztetasuna, berrikuntza eta nobedadeen arteko oreka” azpimarratu ondoren, Ana Lópezek egitarauan tartekatzen diren erabateko 22 estreinaldien garrantzia aipatu du, hauetariko 14 lan beste hainbeste euskal konpainiak eskainiko dituztela eta hauen artean tartekatzen diren hiru lan berri aipatu zituen: ATX Teatroren ‘Gnosis’, Matrioskaren ‘Motel Matrioska’ eta Malas Compañíasen ‘Orsai’, obra hauek UMORE AZOKAk ekoizpenerako emandako laguntza jaso dutelako.
Italia eta Frantziatik gerturatuko bi konpainien estreinaldiez gain, Argentina, Belgika, Txile eta Erresuma Batuko konpainiekin osatuko da nazioarteko taldeen presentzia. Aurtengo estreinaldiei dagokionez, Andaluzia, Katalunia eta Valentziako lau taldek lehen aldiz eszenaratuko dituzten lanekin osatuko da.
Aldez aurreko edizioetan Arte Eszenikoen arlo desberdinetan diharduten 150 profesional gerturatu badira Leioara, Lópezek bere konfiantza erakutsi du aurten ere kopuru horretara heltzeko. Urtetik urtera azokaren nazioartekotzea gero eta nabarmenagoa da eta aurten “Koreatik gerturatutako profesionalak izango ditugu gure artean”. Ikusle kopuruari dagokionez berriz, 40.000 ikusle bildu da azken urteetako edizio bakoitzean eta aurten, gutxienez, kopuru hori berdintzeko esperantza dute.
2012ko UMORE AZOKAk bi sari banatuko ditu aurten ere: bata Euskal konpainien artean aukeratzen den Ikuskizun Onenari eta bestea Kanpotik etorritako Ikuskizun Onenari eta biak azokaren azken egunean emango dituzte ezagutzera epaimahaikideek. Iazko irabazleak, Kukai Dantza Konpainia, ‘Karrikan’ ikuskizunagatik, eta Coliflor Circo Teatro, ‘Salir’ lanagatik, eta epaimahaikideak Austriako Irrwisch Theater eta Metralleta y Murmuyo (Teatro Gestual de Chile)ri emandako aipamen bereziak, ostiralean, maiatzaren 18 14.00tan emango dira Mendibile jauregian. Ekitaldi horretan emango da ezagutzera ere zein pertsona edo erakunderi dagokion 2012ko ohorezko UMORE AZOKA saria.
Etiketak: Feria de artistas callejeros, Umore Azoka
Iruzkindu