Leioako Udalak kaleko jardueraz betetako asteburua proposatzen digu, bidaiatzeko eta gure landa-sustraiak gogoratzeko. Igandean abeltzaintzari eta euskal artisauen lana ezagutzera dedikatuko da, haurrentzako erakustaldi eta tailerrekin, eta larunbatean, berriz, euskal herri kiroletan oinarrituko da.
Abenduaren 12ko (igandea) goiz osoan zehar, 11:00etatik 14:00etara, Leioako hainbat puntutan haurrentzako erakustaldiak eta tailerrak izango dira, landa eremuan nola lan egiten den erakusteko. Boulevardean hainbat profesionalek behi bat nola jezten, ganaduaren burdineria nola egiten den erakutsiko digute, artzainen lana ezagutuko dugu eta Gure Ohiturak eta Txikiak dantza taldeek euskal dantza erakustaldia eskainiko dute. Errekalde plaza izango da beste puntuetako bat, eta bertan euskal herri kirolen erakustaldiak izango ditugu, hala nola aizkolarienak. Eta, azkenik, Jose Ramon Aketxe plazan, haurrentzako tailerrak, pony-ibilaldiak, labeldun produktuei lotutako hainbat lanbideren erakustaldiak eta bertso saio bat izango dira. Beñat Vidal gai-jartzailea: Oihana Bartra, Aitor Mendiluze, Julio Soto eta Maddi Ane Txoperena bertsolariekin.
Udal Kirol sailak kultur sailarekin bat egingo du, larunbatean, abenduaren 11n, Sakoneta kiroldegian Herri Kiroletako erakustaldi zabala prestatuz, 11:00etatik 14:00etara. Helduek eta txikiek euskal herri kirolen modalitate bakoitza ezagutu ahal izango dute, horietako batzuk probatzeaz gain. Txinga erutea, lasto batzea edo sokatira bezalako probak zuzenean ezagutuko ditugu, besteak beste.
Hala ere, herri kirolen ekitaldi nagusia abenduaren 12an, igandean, izango da, baina profesionalen eskutik eta Errekalde plazan. 11:00etan aizkolariak, 13:00etan iparraldeko kirolak, eta 14:00etan Jon Gisasola, Marina Blanco eta Lucia Orbe harri-jasotzaileak.
Bizkaiko Goma gaineko Sokatira Txapelketa
Bizkaiko Goma gaineko Sokatira Txapelketako lehen jardunaldia abenduaren 3an jokatu zen Diman, eta orain Leioak hartuko du bigarren jardunaldia (11:30ean Sakonetan). Hirugarrena eta azkena Abadiñon izango da abenduaren 18an. Txapelketak zortzi talde biltzen ditu, bi kategoriatan. Emakumezkoen 520 kiloko hiru taldeak alde batetik; Gaztedi, Abadiño A eta Abadiño B eta gizonezkoen 640 kiloko bost talde bestetik; Goiherri, Gaztedi, Murueta, Abadiño A eta Abadiño B.
Iruzkindu